Ikastaro honetan izena eman-ez eman ari zaren lagun hori:
Azkar (eta ondo) irakurtzen irakasteko enpresa baten arduraduna, horixe da, gogoan dudanez, ikastaro hauetan ikasle aritu direnen arteko ogibiderik ezohikoena. Asmoz Fundazioaren eskutik, 2013an hasi nintzen “(Ahozko) komunikazio gaitasuna hobetzeko ikastaro” hauek ematen, eta arlo guztietako ikasleak izan ditut urteotan guztietan: ingeniari, irakasle, kirolari, irrati-telebistako esatari, gizarte-langile, mekanikari, politikari, atezain…
Normala ere bada, ahoz eta idatziz egoki (modu eraginkorrean) komunikatzen jakitea nahitaezko gaitasuna baita gaur egun, edozein dela ere norberaren lan edo jardun esparrua (zurean ere bai, zein den oraindik ez dakit baina). Hori da, hain zuzen ere, ikastaro honen helburu nagusia, mota guztietako komunikazio egoerak (idatzizkoak, ahozkoak, jendearen aurrez-aurrekoak) kudeatzen ikastea. Kudeatzen ikastea, berriz, hauxe baino ez da: komunikazio egoera bakoitzari ezartzen diogun xedea lortzeko moduan jardutea, ahoz denean ahoz, idatziz denean idatziz.
Ikusten duzunez, ez da euskaraz gramatikalki txukun idazten eta hitz egiten ikasteko ikastaroa, ahoz zein idatziz eraginkor izaten ikastekoa baizik: aldian aldian zer lortu nahi dugun, horixe lortzeko moduan jarduten ikastea, alegia, nola idatziz hala ahoz. Lan esparruan ez ezik, alor pribatuan ere baliagarriak dira, oso, ikastaroan lantzen ditugun komunikazio estrategiak.
Horretarako, 30 bat ordu izango ditugu: hamasei ordu aurrez aurre (launa orduko lau saio, astean behin) gehi beste hainbestetsu astean zehar on-line, saiotik saiora. Aldez asko dela pentsa daiteke, baina orain arte aritu diren ikasle gehienek aurrez aurreko saio gehiago eskatzen dute ikastaroa amaituta.
Asko eta askotarikoak dira ahoz eta idatziz egoki komunikatzen ikasteko jorratu eta landu beharreko alderdiak: testuari dagozkionak asko (ideiak inguratu, diskurtsoa egituratu, formulazioa indartu…), eta ahotsari eta gorputz mintzairari dagozkionak ere ez gutxi.
Komunikazioaren alderdi horiek guztiak behar bezala lantzeko, ezinbestekoa da taldea txikia izatea, irakasleak ematen dituen azalpen eta aholkuak praktikan jartzen saiatu ezean ikasleak nekez beretuko baitu ikasitakoa, eta hala ezin izango du gero bere komunikazio jarduna hobetzeko erabili. Horrexegatik daukagu 15 laguneko muga jarrita, hortik gora ezinezkoa baita ikasleek behar adina praktika egitea. Izan ere, praktikak egitea alferrik baita ikasleari praktikotan egindako akatsak zuzendu eta jarduna hobetzeko bideak eskaini ezean, eta horixe da ikastaroan erabiliko dugun metodoa.
Jakina, 30 ordutan ez da inor komunikatzaile bikaina izatera iritsiko. Mila ordutan ere ez, komunikazio gaitasunarena sekula amaitzen ez den lanketa baita
(zorionez, lanketa bera baita gozagarri). Miraririk ez dizugu agintzen. Agintzen dizuguna, ordea, hauxe da: ikastaro hau eginda, komunikazio gaitasuna zeure kabuz lantzen jarraitzeko ikuspegi eta tresnen jabe izango zarela.
2013tik hona, gutxien jota urtean ikastaro bat egin dugu, eta eskarmentu horretan oinarrituta esan dezaket ikastaroak bere helburua aise lortzen duela. Ikasleen balorazio orokorra bikaina izan ohi da, hitzez hitz hartutako iruzkinotan ikus daitekeen bezala:
- “Txapela kentzeko modukoa izan da. Egindako ohar eta feedback mamitsuak gozatu ditut”.
- “Ikastaroa oasi bat izan da niretzat”.
- “Azkenean, helmuga baino askoz aberasgarriagoa izan da bidea”.
- “Aurrez aurreko 16 orduak baliagarri bezain entretenigarriak izan dira. Gozamen hutsa”.
- “Azkenean emozionatu naiz, oraindik sekulako zuloa nabaritzen dudalako bihotzean aitari buruz hitz egiten dudanean. Baina uste dut ona dela gure emozioak askatzea eta erakustea. Bide batez jendearengan eragiteko balio badu, are hobeto”.
- “Ez naiz klasean esaten ausartu, baina asko ikasi dut kurtsoan zehar. Apuntatu nintzen ea azterketa prestatzeko baliagarri izango zen, eta… sorpresa, orain hori bost axola: euskararekiko nuen krisia desagertu da ikastaroari esker!”.
Ikusten duzunez, ebaluazioak ez dira arlo didaktikora mugatzen, eta hori ezin ordainduzko altxorra da niretzat.
Badakit lau ostiral arratsalde gela batean itxita pasatzea ez dela, itxura batean behintzat, asma litekeen planik erakargarriena. Ikusi duzu, ordea, orain arte ez zaiola inori damutu izena eman eta ikastaroan parte hartzea.
Kontuak kontu, izena ematera animatzen bazara, ni pozik, hartara hemen esan dizkizudanak egia direla erakusteko aukera izango baitut (eta baita zu ezagutzekoa ere).
Honaino iritsi bazara, bejondeizula!, ez daukazu pazientzia makala! Nik neurea esan dut, baina hemen axola duena zurea da. Zure hitza.
Edozein dela ere zure hitz hori, mila esker zure arreta eskaintzeagatik
Joxerra Garzia.
Ikastaroaren zehaztasunak ikusteko klikatu hemen.