Ingurumenari buruzko erabakien izaera publikoa begien bistakoa da. Hala, Espainiako Konstituzioak -9. eta 23. artikuluetan, funtsean- partaidetza eskubideetan egiten duen banaketa bat dator aurrekoarekin. Artikulu horien arabera, erabaki publikoetan parte hartzeko eskubideak aitortzea eta babestea exijitu beharra dago, baita eskubide horiei buruz herritarren partaidetza formulak bermatu ere, eskubide horiek pertsona guztien banakako zein taldeko garapenarekin zuzen loturik baitaude. Fenomeno honek, halaber, eragin zuzena du nazioarteko ingurumen arloan (1).
EK 45. artikuluak ingurumen egokirako eskubideaz ematen duen partaidetza eskubidea abiapuntu bat da, eta sektoreko ingurumen legeria guztiari eragiten dio.
Partaidetzarik gabe, bestalde, herritarrei eragiten dieten erabakiek ez dute a priori adostasunez prestatutako erabaki baten legitimitateak ematen duen onespena, edo prozedura administratibo batean zehar publikoak bere gain hartzen duenean (2), baldin eta, herritarren parte hartzea eratzerakoan, partaidetza hori hondar-eskakizun huts baino zerbait gehiago bada (3).
Gogoeta horien ildotik, gure Demetrio LOPERENA kutunak, EHUko Ingurumen Zuzenbideko Masterraren sortzaile eta urte askotan zuzendari izanak dioenez, ingurumenari eragiten dioten prozedurei dagokienez, partaidetza publikoak hiru oinarri hauek ditu euskarri:
- “Eskakizun demokratikoa;
- Interes taldeen ekarpen irudimentsuari deia;
- Gizarte gatazkak aurrea hartzeko bidea”.(4)
Alderdi horiek, gaurkotasun eta interes handiko beste askorekin batera, gure onlineko Ingurumen Zuzenbide Masterraren osagai dira. Izan ere, horren hogeigarren edizioa prestatzen ari gara: Nazioarteko Zuzenbidea, Europako Zuzenbidea, klima aldaketa, arrantzalekuak, energia, giza eskubideak, kutsadura akustikoa eta atmosferikoa, Administrazio Zuzenbidea, Inpaktu Ebaluazioa, hondakinak, Zuzenbide Zibila eta Zigor Zuzenbidea, etab., dira gure programaren aurrerapen batzuk.
Oharrak:
(1) C. NAPIER, “Environmental conflict resolution”, Cameron May, Int. Law & Policy, London, 1998.
(2) Vid. A. JIMÉNEZ JAEN, “Evaluación de Impacto Ambiental y Procedimiento Administrativo”, Revista de Derecho Ambiental, nº12, 1994.
EZEIZABARRENA, “El principio constitucional de participación ante la Evaluación de Impacto Ambiental de las grandes infraestructuras”, Instituto Vasco de Administración Pública, 2006.
(3) Vid., T. R. FERNÁNDEZ RODRÍGUEZ, “Los principios constitucionales del procedimiento administrativo”, Gobierno y Administración en la Constitución Vol. I, Madrid, 1988.
(4) D. LOPERENA, “Los principios del Derecho ambiental”, Civitas-IVAP, 1998, 108. or.